XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenik, erreka-bazter eta mendi-punta ez ziren beste lur guztiak, goitik behera haritzez beteta zeuden.

Edonora begiratuta ere, harizti zoragarriak ikusten ziren Eibarko mendi eta bailaretan.

Azurtzatik hasi eta Maltzagaraino, Amañatik Elorretaraino eta Ibur errekatik Saturixoraino.

Gaur egun pinuz, etxez, zelaiez edo errepidez estalita ikusten ditugun inguru guzti horiek, 20-30 m-ko haritz ederrez beteta zeuden; haritz horien artean, zumar, gaztainondo, ezki, lizar eta gereziondoak ere hazten ziren, ehundaka animalia eta friztiri jaten emateko adina zuhaitz eta zuhaiska.

Ez zegoen ez urrun joan beharrik azkonar, basakatu, azeri, kirikiño eta katuparduak ikusteko.

Katumixarrak edozein zuhaitzetan bizi ziren eta etxeko atea zabaldu eta sarritan agertzen zen satandaria, beste leku batzuetan ogi-gaztai, andereder edo erbinude izena ematen dioten ehiztari zorrotza.

Gora begiratuz gero, edozein hegazti mota ikusteko aukera zegoen: arranoak, abenduak, okilak, mozoloak...

Horrelakoa zen gure herria XX. mendea heldu arte.

Horrela gogoratzen du Toribio Etxeberriak gazte denboran ezagututako Eibar bere artikulu eta liburuetan.

Idazle ezagunak Viaje por el país de los recuerdos liburuan esaten duen bezala, eibartarrak mendian bizi ziren eta animalia eta landareek eibartarren bizitzaren parte garrantzitsua betetzen zuten.

Eibarko mendiak ez dira handiak, baina bai ederrak dio Toribiok.

Eta mendi artean bizi izanda, eibartarren denborapasarik handiena mendira irtetzea zen, eta jakina, ehizan egitea ere bai.

Oilagorretan ibili eta gero, iluntzero biltzen ziren ehiztari haiek Eperranian egunean zehar gertatutako guztiak elkarri kontatzeko eta mendian ikusitako orein eta basurdeei buruzko istorio eta ipuinak esateko.

Bazuten bai zer konta, mendiak animaliz beteta zeuden eta.

Basoetan hegazti, ugaztun, musker eta sugeak; erreka eta putzuetan txantxiko, ugaratxo, arrain eta karramarroak.

GAUR EGUNGO EIBAR

Villanueva de San Andres sortu zuten lehen eibartarrentzat edo Eperranian mende hasieran batzen ziren ehiztari haientzat nahiko zaila izango litzateke gaur egungo herria ezagutzea.

Pageitik aspaldi desagertu ziren pagoak; Aritxuluetako haritzekin eta Aginagako haginekin auskalo zer gertatu den; eta Urkin dauden urki bakarrak azken urteotan udaletxeko brigadak sartutakoak dira.

Egia esan, Toribiok deskribatutako eta gure aurrekoek ezagututako Eibar horren zati txiki bat besterik ez da gelditzen gaur egun.

XV. eta XIX. mendeen bitartean gertatu ziren lehen aldaketak, basoetako egurra untzigintzarako erabiliz eta aziendentzat larreak garbituz.

Baina XX. mendea izan da benetako aldaketa ekarri duena.

Mende honen hasierara galdetu bestela nagusienei oraindik gure basoen parterik handiena bizirik heldu zen eta beraiekin batera bertan bizi ziren animaliak.

Azken 100 urteotako aldaketa ostera, itzela izan da.

Lehen Gerrate Mundialerako, eta garai berean eraiki ziren trenbide guztiak egiteko, sekulako egur mordoa behar izan zen.

Bestalde, industria jaioberriek ere egurra behar zuten eta hori egur guzti hori, jakina, gure mendiak garbituz lortu zen.

Gainera aldaketa sozio-ekonomiko nabarmena etorri zen: gero eta jende gehiago bizi zen Euskal Herrian, baserritar asko eta asko hirietarantz joan zen baserria hutsik lagata eta California aldetik zuhaitz berri bat heldu zen: beranduago gure basoen itxura guztiz aldatuko zuen Monterey edo Intsignis pinua.

Horrekin batera errekak ere gero eta egoera makalagoan.

Errekek zeramaten ur gehiena industrian eta etxeetan erabiltzeko hartu zen, arroak lehortuz, eta gelditzen zirenak zikinduz joan ziren, gure zakar eta zikinkeri guztiak batuz.

Basoen eta erreken aldaketa ez zen egun batetik bestera gertatu; gutxinaka-gutxinaka izan zen, bertako jendeari horretaz ohartzeko aukera eman barik.

Baina izugarria izan da.

Gaur egun erreken egoera negargarria da eta basoei buruz zer esanik ez.

Eibarko mendien %75a baino gehiago pinuz josita dago.

Bertoko basoak ia erabat desagertu dira: Matsari, Txonta edo Ardantza erreken ertzetan zeuden haltzadiak ez dira inondik inora agertzen (...)